2013-03-02

AURPEGIRIK GABEKO HILTZAILEAK



AURPEGIRIK GABEKO
HILTZAILEAK (1991)
Henning Mankell
(Erein, 2009)





Mankell mundu osoan famatua egin duen Kurt Wallander poliziaren nobela seriearen lehenengoa da hau. Suediako Scaniako landa eremuan bi agure jasan egingo dute sekulako bortizkeriaz egindako erasoa. Lapurreta ala gorroto pertsonalak? Gizonezkoa hilda dago eta haren emaztea ere handik gutxira zenduko da. Suedian errefuxiatu dabiltzan pertsonak izango dira hasierako susmoen helmuga. Pazientzia handiz egindako ikerketa baten ostean kasua argituko du Wallanderrek.

Idazleak irakurleari etengabe iradoki egingo dizkio bideak eta Wallander beraren lankide sentitu egingo gara, kasuari irteera eman nahirik hiltzailearenn peskizan. Egia esan, azkeneko kapituluan istorioak sekulako txiribuelta egin eta “akzioaren” bidea hartzen du, ia bukaeraraino liburu patxadosoa zenak.
                 Pertsonaiak dira liburu honen, eta Mankellen besteetan ere, alderdi indartsuena. Kurt Wallander polizia ona da, profesional fina; baina superheroiatik oso urrun dago. Bere bizitza pribatuan desastre samarra da. Emazteak etxetik alde egin du berriki, alabak paso egiten dio Kurti, arazoak ditu dementziak jotzen hasi duen aitarekin: abandonatuta daukala aurpegiratzen dio aitak Wallanderri, polizia nahiko traketsa da bere bulkada sexuala bideratzeko orduan, ez da behar bezala elikatzen, edan egiten du… hau da: nahiko pertsona normala da, sinesgarria, egunekoa.
Era berean, liburuan agertuko diren gainontzeko pertsonajeak Suediako erretratua erakutsiko digute: Europako punta-puntako gizataldeak omen direnak badutela zertan hobetu eta non ahalegindu.

Duela hamar bat urte irakurri nuen estreinakoz liburu hau gazteleraz. Gaztelera irakasleak gomendatu zien irakurketa semearen taldekoei. Eta, noski, guraso mesfidatiok beti irakurtzen ditugu gure seme-alabei eskoletan gomendatzen dieten liburuak, ala ez?... bada, egin beharko genuke eta aldian behin Mankellen ezagutza egitea bezalako oparitxoak jasoko genituzke.


Liburua luzetxoa dela? Hobe. Askotan esaten dugun bezala, irakurtzea gure maitteñoarekin
egotea bezalakoa da: gustura gaudenean denok nahi izaten dugu gehiago.
Abisua: Wallanderren laguna egiten bazara, galduta zaude, engantxatuta betiko.
Rafa L.
beste iritziak:



25 comments:

Anonymous said...

"Aurpegirik gabeko hiltzaileak" liburua, hilketen liburuak gustatzen zaizkienentzat oso egokia iruditu zait, eta niri normalean horrelakoak gustatu ez arren oso liburu entretenigarria iruditu zait, heriotz bikoitz bakar bat aztertzerakoan gauza asko gertatu bait zaizkie Kurt poliziaburua eta bere ingurukoei. Liburua luzea izan arren entretenigarria denez erraz irakurtzen da, baina Suedia aldean kokatzen den istorio bat denez izenak arraroak iruditu zaizkit.


Itziar A. 4A

Anonymous said...

Niri "aurpegirik gabeko hiltzaileak" liburua polita iruditu zait. Hasiera batetik hasten da hilketa kontatzen, eta irakurtzen joan ala interesgarriagoa egiten dijoa. Liburuaren hasieran, hilketa bikoitz bat gertatzen da. Kurt Wallander polizia, hilketak aztertzen hasiko da, eta bertan, bere emaztearekin (Mona) izandako momentuak gogoratzen ditu, etxetik alde egin zuenekoa, dibortzioa eskatu zionean... bere alaba, Linda, ere azalduko da. Beste hilketa bat ere gertatuko da, buruan bi tiro emango dizkiete gizon bati, baina hortik aurrera, hiltzaileak bilatzeko geroz eta gertuago egongo dira. Lehen esan dudan bezela niri liburua asko gustatu zait, eta gure adineko edonori irakurtzea gomendatuko nieke.

June G. 2012-13 4-A

Anonymous said...

Aurpegirik gabeko hiltzaileak liburua ez zait asko gustatu, gertaera bat bestearen atzetik gertatzen dira eta ideiak nahastu arazi dizkit.Alde batetik ertsonaien izenak arraroak eta ezezagunak iruditu zaizkit nahiz eta bestela, liburua erraz irakurtzen den.

Beñat B. 4A

Anonymous said...

Aurpegirik gabeko hiltzaileak liburuak Suedian kokatzen da eta hilketa bat aztertzen ari diren polizien inguruan gertatzen diren historioak kontatzen ditu. Liburua gustatu zait, akzio edo gertakizun asko daudelako eta iraurtzea gogoko duen edonori gomendatuko nioke.

Aitzol G.
4A

Anonymous said...

Liburu hau ez zait espero nuen bezain beste gustatu. Nahiz eta esan beharra dudan erraz irakurtzen den liburu bat dela. Hasiera batean, istorioa nahiko entretenigarria iruditu zait, zeren eta badirudi oso intrigarria eta zirraragarria izan beharra duela, zeren eta hilketa bat gertatzen da eta poliziek zein den hilketa horren burua asmatu beharra dute. Ondoren ordea, beste hilketa batzuk jazotzen dira eta noski ondorioz izen gehiago sartzen dira istorioan eta azkenerako zail xamarra egiten da istorioan zehar zeinetaz hitz egiten ari den asmatzea. Gainera, istorioan aurrera joan hala, protagosinstaren bizitza pertsonalaz hitz egiten hasten da eta noski, nahasgarria egiten da. Baina tira nahiz eta niri ez didan zirrara handirik egin liburu honek, nork daki agian beste pertsonen bati izugarri gusta dakioke, beraz anima zaitezte irakurtzera eta ea zer gertatzen den!

Izaro O. 4A 2012-2013

Anonymous said...

Nik irakurri dudan liburua, Henning Mankell-ena da eta “Aurpegirik gabeko hiltzaileak“ izena du. Liburu poliziaka bat da, hau da, polizi bat du pertsonai nagusitzat (Kurt Wallander). Liburu honetako istorioa Suedian gertatzen da, hain zuzen ere Eskanian. Liburu hau oso misteriotsua da, zeren eta, bat batean Lenarp izeneko herri batean, bi agure (aiton eta amon bat) gogor torturatuta agertzen dira beraien etxe edo baserrian. Aitona hilik dago, baina amona ospitalera eramaten dute eta hil aurretik “Kanpotarrak” hitza esaten du. Kasu horren buru Kurt Wallander dago Ystadeko polizia buru ordea da. Kurt bere lanean ona da baina, bere bizi pertsonala ez zegoen bere punturik onenean. Bere emaztearekin (Mona) dibortziatuta zegoen, bere alabarekin (Linda) ez zen oso ondo ematen, ezta bere aitarekin ere. Gainera, gizenduta zegoen, alkoholarekin arazoak zituen eta erabat utzita zegoen bere gorputzarekin. Hilketa bikoitz hau ebatzi ahala, beste hilketa batzuk ere gertatzen dira. Arrazakeria ere badago eta herrialde honetan…
Nik liburu hau edozeini gomendatuko nioke oso interesgarria iruditu zaidalako eta benetan txundituta utzi nau liburu honetako istorioak!



Unai M. 4B (2012-2013)

Anonymous said...

Henning Mankell-en Aurpegirik gabeko hiltzaileak liburua oso interesgarria iruditu zait. Liburu poliziako bat da eta nahiz eta niri horrelako liburuak ez gustatu hau polita iruditu zait. Protagonista Kurt Wallander da, polizia buru orde dagoena. Liburuan hilketak dira nagusi, lehenengo agure batzuk hiltzen dituzte, gero bederatzi seme-alaba dituen gizon bat… Kurt Wallander kasu guztiak argitzen jardungo da buru belarri nahiz eta bere bizitza pertsonalean ez egon momentu onenetan. Denei gomendatuko nieke irakurtzea nahiz eta luzea izan pena merezi du.
Mireia M. 4B.
2012/2013 ikasturtea

Anonymous said...

“Aurpegirik Gabeko Hiltzaileak” liburua aukeratu dut oraingo honetarako, Henning Mankell idazle ospetsu suediarraren lana. Nobela beltza da, hau da historia poliziaka bat. Kurt Wallander komisario utzia hilketa bikoitz baten aurrean dago, hilketa guztiz misteriotsu baten aurrean, eta bere arazo pertsonalak presente, suediar aitona-amona batzuen heriotza odoltsua ikertu beharko du. Narratzailea hirugarren pertsonan jarduten da, orainaldian gainera. Perpausak landuak dira baina irakurterrazak. Liburuan erabiltzen den hiztegiak ere ez du beste munduko zailtasunik. Nobela atsegina iruditu zait, asko gustatu baitzait. Misterioa azken momentura arte mantentzen da eta horrek liburua kitzikagarria egiten du. Alde txar bat ateratzekotan, kapituluak luzeegiak iruditu zaizkidala esango nuke. Dena dela, esan bezala oso nobela ona iruditu zait eta komisario honen liburu gehiago irakurtzeko irrikan geratu naiz. Honelako istorioak gustuko dituen irakurle orori gomendatzen diot.

Lide LASA 4B 12-13

Anonymous said...

Nik irakurri dudan liburua “ Aurpegirik gabeko hiltzaileak” izena du. Liburu hau asko gustatu zait, akzio asko azaltzen da, irakurtzen zoazen bitartean interesgarria da eta irakurtzen jarraitzen duzu. Bertan protagonista polizia da, bakarrik bizi da bere emaztea utzi egin ziolako eta bere alaba Lindarekin ez delako ematen. Hasieran hileta bortitz bat gertatzen da eta berak bilatu behar ditu hilketa horren arrazoiak eta buruzagiak. Liburua aurrea doan bitartean ikusten da bere eguneroko bizitza eta kasu horretan inplikatutako jendea, aztarnak … Liburu hau jende guztiari gomendatuko nioke.
Ane U. 4B 2012-2013

Anonymous said...

Nik Henning Mankell idazlearen "Aurpegirik Gabeko Hiltzileak" liburua irakurri dut eta esan beharra daukat orain arte gehien gustatu zaidanetako bat dela. Istorioa Europa iparraldean kokatzen da, Eskania izeneko inguru batean. Kurt Wallander eta bere poliziakideek Lenarpen gertatutako hilketa bikoitz bat argitu beharko dute, baina guztia ematen duena baina larriagoa da izan ere oso aztarna gutxi dituzte. Nahiz eta momentu askotan uste hiltzailea harrapatu dutela gero konturatzen dira akatsen bat egin dutela eta behin baino gehiagotan hasieratik hasi behar izango dute benetano hiltzaileak harrapatu arte. Oso nobela entretenigarria da eta pixka bat denetik dago, aita-semeen arteko harremana, heriotza eta hilketak, amodioa eta dibortzioak... etab. Benetan, guztiei gomendatzen diet irakurtzea ziur bainago gustatuko zaizuela nahiz eta pixka bat luzea den.

IKER N. 4A (2013-14)

Anonymous said...

Nik “Aurpegirik gabeko hiltzaileak” liburua irakurri dut, historia hau Suedian kokatzen da, zehazki Eskanian. Kurt Wallander komisarioak, Lenarp izeneko etxalde batean gertatutako senar-emazte batzuen hilketa argitu beharko du, hilketa gordin bezain odoltsua. Hildako emakumeak hil aurretik esandako “kanpotarra” hitzak ezinegona sortuko du gizartean, ondorioz gizarteak jarrera gogorra erakutsiko du kanpotarren aurrean. Kurt-ek arazo pertsonal asko ditu eta horiek lanarekin uztartzen ahaleginduko da. Hilketaren atzean ordea, argitu gabeko galdera asko daude, lortuko al dute Kurt eta bere lankideek hilketa argitzea?
Liburua asko gustatu zait, eta entretenigarria egin zait, historian murgildu naizelako. Liburu hau nobela beltzak gustatzen zaizkienei gomendatuko nieke, beraz, animatu!!

Maite T. 4A (2013-14)

Anonymous said...

Nik Henning Mankell-en “Aurpegirik gabeko hiltzaileak” irakurri dut eta Suedian kokatzen den nobela beltz hau asko gustatu zait.Nobela honetako protagonista nagusia Kurt Wallander izeneko polizia orde burua da eta honi, arazo pertsonalak(familia eta alkohol arazoak..) dituela tarteko ,arrazakeria nagusi den gizarte batean, landetxe batean modu basatian eraildako bi agureen kasua argitzea egokituko zaio beste poliziakide batzuen laguntzaz.Honez gain,beste hilketaren bat edo beste argitu beharra izaten dute eta pazientziaz eta denbora luzez buru-belarri lanean gogor aritu ondoren kasu hauek argitzea lortuko dute.Beraz,genero hau gustuko duen edonori gomendatuko nioke liburua irakurtzea,anima zaitez!Alazne G. 4A(2013-14)

Anonymous said...


“Aurpegirik Gabeko Hiltzaileak” liburua aukeratu dut oraingo honetarako, Henning Mankell idazle ospetsu suediarraren lana. Nobela beltza da, hau da historia poliziaka bat. Kurt Wallander komisario utzia hilketa bikoitz baten aurrean dago, hilketa guztiz misteriotsu baten aurrean, eta bere arazo pertsonalak presente, suediar aitona-amona batzuen heriotza odoltsua ikertu beharko du. Narratzailea hirugarren pertsonan jarduten da, orainaldian gainera. Perpausak landuak dira baina irakurterrazak. Liburuan erabiltzen den hiztegiak ere ez du beste munduko zailtasunik. Nobela atsegina iruditu zait, asko gustatu baitzait. Misterioa azken momentura arte mantentzen da eta horrek liburua kitzikagarria egiten du. Alde txar bat ateratzekotan, kapituluak luzeegiak iruditu zaizkidala esango nuke. Dena dela, esan bezala oso nobela ona iruditu zait eta komisario honen liburu gehiago irakurtzeko irrikan geratu naiz. Honelako istorioak gustuko dituen irakurle orori gomendatzen diot.

Leire U.
(20163-14) 4A

Anonymous said...

Nik oraingo honetan Henning Mankel idazlearen “aurpegirik gabeko hiltzaileak” izeneko nobela beltza irakurri dut. Suedian gertatzen den istorioa da. Liburuaren hasieran hilketa bat gertatzen da, nekazari bikote batena hain zuzen, hori ikertzeaz polizia arduratuko da eta kasua emango duen polizia nagusia Kurt Wallander da. Oso etapa korapilatsua izango da bere bizitzan, alabarekin harremana galdua du eta berreskuratu nahi du, dibortziatu egin da, aita burutik joaten hasia dela iruditu zaio.. eta guzti horretaz arduratu behar du hori gutxi balitz ez dauka nekazarien hilketa bakarrik ikertzeko beste hilketa eta kasu batzuk ere suertatzen baitzaizkio. Niri liburua asko gustatu zait, erraz irakurtzen da eta oso entretenigarria da. Animatu eta egin itzazu ikerketa lanak Wallanderrekin batera!

Nerea E. (2013-14) 4.A

Anonymous said...

Liburu irakur erraza eta oso ulergarria da. Gertakariak Suedian gertatzen dira, hain zuzen ere Eskania herrian, beraz bertan agertzen diren izenak nahiko arraroak egin zaizkit. Hasieran hilketa bikoitza bat gertatzen da, senar emazte helduak gogor torturatuta agertzen dira beraien baserrian. Aitona hilik eta amona hospitalean hiltzen da, bere azken hitza "kanpotarrak" esanez. Kasu honen buru Kurt dago, Istade polizia buru ordea da. Nahiz eta bere lanbidean oso ona izan, kasu honek ez dio biziztzako unerik hoberenean harrapatzen; emaztearekin banandu berria, alabarekin ez dauka erlazio ona eta hori gutxi ez eta bere aitarekin ere dena okertzen da. Bere buruarekin utzita dago; gizendu egin da eta alkoholarekin arazoak ditu. Hilketa bikoitza argitzen dijoan einean beste hilketa batzuk gertatzen dira, arrazakeria tarteko dela. Nire ustez edonori gomendatuko nioke liburu hau irakur dezan

Ander Z. 4.A (2013-2014)

Anonymous said...

“Aurpegirik gabeko hiltzaileak” liburua interesgarria iruditu zait. Kurt Wallander bere bizitzako momentu gorrenetako bat bizitzen ari da; Alabarekin ez du harremanik, emazteak utzi berri du … eta ikerketa gogor bat tokatu zaio. Eskaniako Lenarp izeneko herrixka batean gizon zahar bat hil dute eta haren emaztea hilzorian utzi, egun gutxitara hil bada ere hil aurretik esandakoa da poliziak ikerketari ekiteko duen bide bakarra. Bere azken hitza “Kanpotarrak” izanik poliziak ikerketa luze bat egin beharko du zergatia zein den aurkitu eta hori hiltzaileekin lotzeko. Liburu entretenigarria iruditu zait, naiz eta gore puntu batzuk badituen, hain gustuko ez ditudanak . Intrigazko liburuak gogoko dituen edonori gomendatzeko modukoa iruditzen zait. Anima zaitezte!!


Ane. A 4.A (2013-2014)

Anonymous said...

Liburu hontan polizia hiltzaile batzuen bila dabil. Ez da erraza aurkitzea, hiltzaileek ez baitute arrastorik utzi, baina, poliziak asko saiatzen dira eta azkenean lortzen dute gertatutakoaren nondik norakoen berri jatiea eta hiltzaileak aurkitzea. Saiatzeak duen garrantzia garbi ikusten da,hau da, zerbait nahi denean saiatu behar dela eta ez etsi lortu arte. Nire ustez istorioa ondo kontatuta dago eta gustora irakurtzen da. Zailena izen propioena da,hau da, leku eta eta pertsona izen asko agertzen dira eta idazlea Suediarra denez, hango hizkuntzan daude idatziak eta kosta egiten da buruan hartzea. Beste alde batetik, arrazakeriaren gaia aipatzen da. Errefusiatu asko dago bertan eta asko begi txarrez begiratzen diete. Zerbait txarra gertatzen denean askok uste dute kanpotarrek egina izango dela eta errudun jotzen dituzte. Nire ustez, hau egunerokoan ere ,askotan, horrela izaten da eta arrazistak ez garela esan arren,askotan, mesfidantzaz begiratzen diegu etorkinei.Ondo pentxatzen jarri ezkero haietan ere, emengoetan bezalaxe denetik izango dira, hau da, ondoi jokatzen dutenak eta gaizki jokatzen dutenak eta aukera eman behar diegu eta ez jakin gabe epaitu. AZkenik, esango dut, irakurtzeko zaletasun gutxi duenarentzat liburu hau luze xamarra gerta daitekeela baina hala ere irakurtzea gomendatuko nuke.

Joseba E. 4B(2013-14)

Anonymous said...

Irakurri dudan liburua “Aurpegirik gabeko hiltzaileak” da.Liburu hau ez zait gehiegi gustatu,ez zaizkidalako liburu luzeak gustatzen eta oraindik gutxiago poliziakoak,istorioak pauso berdinak jarraitzen dituztelako liburu poliziakoetan.Irakurtzea gustuko duen edonori gomendatuko nioke.Wallander komisarioak gau batean gertatu zen krimen bat aztertzen ari da,Lenarp aiton-amonak hil zituzten.Baina inbestigazioa asko luzatzen joango zaio poliziari.Zerk uste duzue erakar dituela hiltzaileak aiton-amon gaixo horiengan?Irakurri eta ikus ezazu!

Beñat L.
4.B(2013-2014)
Aralar BHI

Anonymous said...

"Aurpegirik gabeko hiltzaileak" nobela beltza da, hau da historia poliziaka bat. Kurt Wallander komisarioak, Suediako aitona-amona batzuen hilketa bat izango du argitzeko, hilketa bortitz eta desatsegin bat. Horrekin batera beste hainbat kasu ikertu beharko ditu, gainera bere bizitza pertsonalean ez dago bere momenturik onenean (andreak utzi egin du, alabarekin ez du ia hitzik egiten, bere aita zahartzaroak jota dago…). Akzio asko duen nobela bat da, beraz entretenigarria egiten da irakurtzen ari zarenean. Niri asko gustatu zait, edonori gomendatuko nioke.
Mireia M. 4B (2013-14)

Anonymous said...

Egia esan "Aurpegirik gabeko hiltzaileak" liburua asko gustatu zait. Hasieran, irakurketa oso astuna egingo zitzaidala iruditu zitzaidan baina irakurtzen jarraitu ahala geroz eta gehiago gustatzen joan zait. Urte hasieran hilketa bikoitz eta basatia gertatzen da Suedian eta liburu guztian zehar hiltzaileak nor diren asmatu nahiean poliziek izaten dituzten gorabeherak kontatzen ditu. Orriak pasatzen joan ahala, misterioa argitzeko geroz eta gogo gehiago sentitu dut eta horregatik oso azkar irakurri dut nahiz eta nahiko liburu luzea den. Liburu hau misterioak atsegin dituen edonori gomendatuko nioke.

Maria G. (2013-14)
4B

Anonymous said...

Nik irakurri dudan liburua "Aurpegirik gabeko hiltzaileak" izan da. Kurt Wallanderre komisarioari hilketa-bikoitzaren ikerketa egitea tokatu zaio oraingoan. Ikertze lana gogorra izango du oraingoan, mehatxuak, suteak, hilketak... tartean direlarik. Oso gustura egon naiz liburua hau eskuartean nuelarik. Entretenigarria, irakurterraza... egin zait. Edonork irakurtzeko nobela bat dela iruditzen zait, beraz anima zaitez eta irakurri!!
Janire M. 4.B(2013-2014)

Anonymous said...

Niri Henning Mankell-en “Aurpegirik gabeko hiltzaileak” liburua asko gustatu zait. Bertan Kurt Wallander izeneko komisarioaren historia kontatzen ari da. Kurt ez da ari bere bizitzako momenturik gozoenak pasatzen: bere emazteak utzi egin du, asko edaten du… eta hilketa kasu bat ikertze ari da. Liburua oso polita iruditu zait, segituan engantxatu naiz. Edonori gomendatuko nioke irakurtzea, anima zaitez!!!
Aitor M. (2013-14) 4 B

Anonymous said...

Nik irakurri dudan liburua ``Aurpegirik gabeko hiltzaileak´´ da eta izugarri gustatu zait misterioz betea baitago. Istorioan Suediako poliziaren parte den detektibe baten gertakizunak kontatzen dira, lanekoak eta baita bere bizi pertsonala ere.
Protagonista asko gustatu arren, gehien gustatu zaidan pertsonaia detektibearen aita da. Aita artista da eta egun guztia marrazten pasatzen du bere bakardadea asetzeko. Egun batean pijama hutsean Suediatik Italiara ihes egiten du baina ez du lortzen, bere semeak geldiarazten baitu. Bere hitz egiteko moduagatik eta bere ekintza zentzugabeengatik izan da gehien gustatu zaidan pertsonaia.
Liburu hau gehienbat poliziei buruzko liburuak gustatzen zaizkien irakurleei gomendatuko nieke.
Xabier Y. 2015-16 4.B

Anonymous said...

Niri liburu hau izugarri gustatu zait, oso entretenigarria delako eta irakurri ahala gehiago irakurtzeko irrika sartzen delako.
Liburuaren hasieran, herri txiki batean bi agure hiltzen dituzte eta Kurt Wallander poliziaren eginkizuna izango da hilketa bikoitzaren egileak harrapatzea. Kasua aurrera joan ahala, zenbait pistak erantzunak baino galdera gehiago sortzen dituzte eta horregatik da horren interesgarria, ez baitakizu nondik nora joango den kasua.
Hilketaz aparte, Kurt Wallanderrek bere alaba, emaztea eta lankideekin dituen gorabeherak kontatzen ditu liburuan eta zati horiek horrenbeste gustatu ez zaizkidan arren, edonori gomendatuko nioke liburu hau irakurtzea, baina batez ere polizia kasuak atsegin dituztenei.

Ugaitz G. 4A 2015-2016
24/02/16

Anonymous said...

Aurpegirik gabeko hiltzaileak liburua polita iruditu zait. Istorio misteriotsua da, bata bestearen atzetik gertatzen dira gertaerak eta lan gogorra egitea tokatzen zaio Kurt Wallander komisariari. Interesgarria iruditu zait gertatzen den hilketaren ikerketa. Hiltzaileak nor ziren jakin zuteneko unea gustatu zait gehien, istorioan zehar hori jakiteko gogotsu bainengoen. Edozein ikasleri gomendatuko nioke liburu hau irakur dezan, denbora pasatzeko liburu entretenigarria iruditzen baizait.

Zuhara T. 4B 2017/2018